Zer da?

Europako Estrategia 2020 Europako Batzordeak garatu zuen 2010ean, eta hazkunde ekonomiko “adimentsua, jasangarria eta integratzailea” sustatzeko asmo sortu zen. Halaber, helburu jakin batzuk ezarri ditu EBrako, bai eta jarduketa esparrua ere, berrikuntzan, enpleguan, hezkuntzan, gizarteratzean eta energian; eta nabarmentzekoa da Espezializazio Adimentsua kontzeptua eskualde mailan garatu nahi dela.

Espezializazio Adimentsuaren Estrategiak  (S3, ingelesezko sigletan: “Smart Specialization Strategies”) garapen ekonomikorako eredu bat dira. Horrek esan nahi du baliabideak bildu behar direla eskualdeek lehiakortasunean abantaila nabarmenak dituzten alor ekonomikoetan. Horretarako, S3k etorkizunari buruzko ikuspegi partekatu bat behar du eta zer gai lehenetsi zehaztea “aurkikuntza ekintzailea” izeneko prozesu baten bitartez, betiere kontuan harturik eskualdearen ahalmen ekonomikoa, zientifiko-teknikoa  eta lehiakortasun globala, bai eta eragileena ere; enpresena, bereziki. Azkenik, S3k politika adimentsuak erabiltzea proposatzen du, aipatu lehentasunetara bideratuak, eskualdeak garatzeko duen ahalmena ahalik eta gehien indartzeko, betiere ezagutzan oinarritutako ekonomiarantz joz.

Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiak emaitza-helburu hauek ditu xede, garapen ekonomiko jasangarrirako ildoei jarraikiz eta “emaitza-lerro hirukoitz” delakoarekin bat: ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa. Eredu hori, halaber, Europako Estrategia 2020an bildua dago, hazkunde adimentsu, inklusibo eta jasangarriaren alde, eta era berean, Nazio Batzuetako Agenda 2030 ekimenean, garapen jasangarri unibertsalerako:

  • Bizi-kalitate handiagoa, honakoen bidez: gizarte kohesiorako sistema, kalitate handieneko osasun arreta, eta hezkuntza sistema bikaina, Nafarroako hiru indargune handiak baitira.
  • Jasangarritasun handiagoa, Nafarroako natur ingurunea errespetatuta eta haren balioa nabarmenduta, natur baliabideak babestuta eta baliabide horien erabilera eraginkorra sustatuta, ingurumeneko kalitatea mantentzeko eta hobetzeko.
  • Oparotasun handiagoa, enpresen eta industriaren sarearen garapenean oinarritua, jendearen talentua txertatuta eta indartuta, eta berrikuntza nahiz ekintzailetza bultzatuta, Nafarroako lehiakortasun handia mantendu dezan.
X