BIOTEKNOLOGIAKO LABORATEGIA
Zoaz formularioraEkipamenduaren deskribapena
Sendagai, txerto edo proteina terapeutiko berriak garatzeko, gero eta plataforma teknologiko moldakor eta eraginkor gehiago behar dira, manipulazio genetikoa egiteko zein baldintza kontrolatuetan ekoizteko aukera ematen dutenak.
IRIS LABen Bioteknologiako Laborategiak ingurune hori eskaintzen du, eta azpiegitura aurreratu bat jartzen du enpresa, ikerketa-zentro eta unibertsitateen eskura, osasunean, elikaduran eta jasangarritasunean berrikuntza sustatzeko.
Laborategi honek bioekoizpen-prozesu osoak egiteko aukera ematen du, DNAren sintesia edo genetikoki eraldatutako zelula eta mikroorganismoen kultiboa, esate baterako, balio erantsi handiko produktuak lortzea erraztuz, hala nola sendagaiak, txertoak, proteina birkonbinatzaileak edo biomolekula funtzionalak.
Ekipamendu aipagarriak:
- DNA Script Syntax: DNAren oligoen sintesi entzimatikoa.
- Sartorius Ambr 250 biorreaktorea: proteinen ekoizpena zelula-kultiboetan.
- CytoFLEX SRT zitometroa: zelulen analisia eta sortinga.
- Biomek i7 robota: pipeta automatizatua eta fluidoen manipulazioa.
- TECAN Spark modu anitzeko irakurgailua: mikroplaken analisia.
- Sorvall Lynx 6000 zentrifugoa, Lyo-Quest liofilizatzailea, ÄKTA iragazkiak eta abar.
Ekipamenduaren gakoak
- Azido nukleikoak (DNA/RNA) modu entzimatikoan diseinatzea eta sintetizatzea.
- Geneak klonatzea eta zelula-sistemetan haien adierazpena optimizatzea.
- Gizakien, animalien, landareen eta bakterioen zelulak baldintza kontrolatuetan kultibatzea.
- Proteina terapeutikoak edo antigorputz monoklonalak sortzea.
- Txerto edo diagnostiko-plataforma berriak garatzea.
- Biomolekulak arazteko eta baliozkotzeko prozesuak egitea.
- Likidoen robotikaren bidez laborategiko zereginak automatizatzea.
Laborategiak Nafarroan bakarrak diren biomolekulak ekoizteko eta aztertzeko ekipamenduak eskaintzen ditu, inbertsio propiorik egin behar izan gabe. Zelula-kultiboekin lan egitea, hartzidurak egitea, sendagaiak edo txertoak garatzea eta prozesuak automatizatzea ahalbidetzen du, DNA Script DNAren sintetizadore entzimatikoa, Ambr 250 biorreaktorea edo Beckman Biomek robot manipulatzailea bezalako teknologien erabilerari esker. Gainera, adituek emandako laguntza, neurrira egindako zerbitzuak eta autozerbitzuko aukerak eskaintzen dira erabiltzaile kualifikatuentzat.
Enpresa farmazeutiko eta bioteknologikoentzat, osasun-sektoreko startupentzat, unibertsitateentzat, zentro teknologikoentzat, ikertzaile klinikoentzat, nekazaritzako elikagaien erakundeentzat eta prozesu biologiko aurreratuen bidez produktu berritzaileak garatu nahi dituen edozein eragilerentzat pentsatuta dago.
Zerbitzuak hiru modalitatetan eman daitezke:
- Giltza eskuan zerbitzua: IRIS LABek egiten du prozesu osoa, laginetik hasi eta azken produktu edo emaitzaraino.
- Autozerbitzua: trebatutako erabiltzaileentzat, termoziklagailua, likido-robota edo iragazketa-sistema bezalako ekipamenduak erreserbatuta.
- Lankidetza I+G+b proiektuetan, partzuergoetan edo finantzaketa publiko edo pribatuarekin.
Kostua proiektu motaren, erabilera-modalitatearen eta inplikatutako taldeen araberakoa da. Eskaintzen dira:
- Zerbitzu edo lagin bakoitzeko tarifak.
- Erabilera-denboraren araberako alokairua, autozerbitzuko erabiltzaileentzat.
- Prezio bereziak profilaren arabera (ETEak, ikastetxe publikoak eta abar).
Aurrekontu zehatza lortzeko, harremanetan jarri eta aurreikusten den erabilera deskribatu behar da.
Infografia
Deskargatu infografia hau sekuentziazio genomikoko laborategia osatzen duten ekipamendu nagusien gako eta alderdi garrantzitsuenekin.
Ekipamenduaren mantentzea eta aztertzea
Nasertic-eko profesionalak, eskaintzen den ekipamenduaren fabrikatzaileen laguntzarekin, tarteka aztertzeaz eta mantentzeaz arduratzen dira, bai prebentziozkoak, bai zuzentzaileak, sor daitezkeen matxura txikiak detektatu eta zuzentzeko.
Eta arazoak badaude?
Materiala jasotzen duen pertsonak bere gain hartzen du ekipamenduaren gaineko arazoen edo kalteen erantzukizuna. Horregatik, lehenbailehen jakinarazi beharko du, eta konponketa-kostu posibleak ordaindu.
Prestakuntza behar dut ekipamendu hau erabiltzeko?
Bai. Laborategiak langile tekniko kualifikatuak ditu, eta ekipamendu bakoitzaren erabilera seguru eta eraginkorra egiteko prestakuntza espezifikoa eskaintzen dute. Ezinbesteko baldintza da autozerbitzu moduan sartzeko.
FINANTZATZAILEA:
